domingo, 29 de enero de 2017

JANARIAREKIN ESPERIMENTAZIOAREN ESKU HARTZEA



PRAKTIKETAKO ESKU HARTZEA
Azarotik urtarrilera bitarte praktiketan egon gara eta denbora honetan gure etorkizuneko lana izango den horretan jardun gara. Hasteko esan, praktiketan genuen zeregin garrantzitsuenetariko bat ikastolako edota gelako gabeziak identifikatzea zela eta hauek identifikatu ostean, honen inguruko esku hartze bat prestatu behar genuela. Horregatik, jarraian, nire esku hartzea azaltzea gustatuko litzaidake.  
Nire ikastetxea konfiantzaren pedagogian oinarritzen zen eta hori dela eta nahiko berritzailea zela pentsatzen dut. Izan ere, ikastetxe barnean ez zegoen paretarik eta bertan zeuden materialak oso baliagarriak ziren haurraren garapen egokia izan zedin. Beraz, nire esku hartzea haurren beharretan edo nahietan zentratzea garrantzitsua iruditu zitzaidan. Hau kontutan izanik, hiru urteko nire gelako haurrei hamaiketakoan jaten zuten frutekin jolastea asko gustatzen zitzaiela ikusi nuen eta horregatik, fruta eta janari desberdinekin esperimentatzeko jarduera bat egitea pentsatu nuen.
Jarduera honetarako, hainbat gauza eraman nituen gelara; hala nola, sagarrak, udareak, mandarinak, platanoak, intxaurrak, limoiak, txokolate zatiak, azukrea eta gatza. Gauza hauek gelan nituela hauetako fruta batzuk zuritu nituen haurrei hauen inguruan galderak egiten nizkien bitartean. Galdera hauetako batzuk hurrengoak izan ziren: hau zer da?, Ze forma du? Ze kolore du? Handia ala txikia da?...
Elikagaiak jateko prest nituenean, hauek plateretan sailkatu eta platerekin zirkulu bat sortu nuen mahai gainean. Ondoren, gelako lau haur aukeratu eta irakasleen laguntzaz hauei begiak estali genizkien. Plateren zirkulua osatzen zuen mahaiari hainbat buelta eman ostean, haur bakoitzari janari baten aurrean jarri genien eta bakoitzak ukimenaren, usaimenaren eta dastamenaren bidez zer tokatu zitzaion asmatu behar zuen. Ariketa hau laukoteka eginez joan ginen gelako haur guztiak pasa arte eta denak ariketa egitetik pasa ondoren, geratzen zen janariarekin bakoitzak nahi zuena hartu zezakeela esan genien.




            Jarduera honen bidez, nire helburu nagusia haurrek ondo pasatzea eta egunerokotasunean aurkitzen diren elikagaiekin esperimentazioa lantzea zen. Horrez gain, zentzumenak lantzeko aukera izan zuten. Hauen artean batez ere, ukimena dastamena eta usaimena. Bestalde, zenbakiak (frutak kontatzeko), formak eta koloreak ere landu genituen fruten inguruan hitz egiten ari ginela.
            Ariketa hau bukatu ondoren, esan dezaket haurrei asko gustatu zitzaiela esperimentazio mota hau eta beraien parte hartzea eta interesa uste baino handiagoa izan zela. Beraz, lehen aipatu dudan nire helburu nagusia bete egin zela pentsatzen dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario