domingo, 29 de enero de 2017

PRAKTIKETAKO HAUSNARKETA: ORIOKO HERRI IKASTOLA



 PRAKTIKETAKO HAUSNARKETA
Aurten, praktikak nire herritik gertu egiteko aukera izan dut, Orioko Herri Ikastolan hain zuzen ere, eta niretzat oso esperientzia aberasgarria izan dela esan beharra daukat. Hasteko, ikastolako zenbait pertsona ezagutzen nituenez edozein zalantza edo galdera egiteko konfiantza osoa nuen.
Horrez gain, ikastola honek pedagogia berritzaile bat erabiltzen duenez hezkuntzari buruzko ikuspegi desberdin bat ezagutzeko aukera izan dut eta honen inguruan esan dezaket asko gustatu zaidala nola egiten duten lan. Izan ere, ikastetxe barnean ez dago paretarik eta horrek haurrei espazio batetik bestera mugitzeko askatasuna ematen die. Horrela, haurrek duten mugitzeko beharrei erantzuten diete eta gainera, haurrek tentsioak deskargatzeko aukera daukate.
Gainera, ikastetxe bertan dauden baliabide materialak umeek beraien gaitasunak lantzeko oso egokiak direla pentsatzen dut. Esate baterako, rokodromo bat, salto egiteko eraikuntza bat, txirrista bat, koltxonetazko blokeak… zeuden psikomotrizitate lodia landu zezaten; argi mahai bat, erretroproiektore bat, tenperak, hondarrezko kutxa bat, koloretako paperak… zeuden esperimentazioa eta psikomotrizitate fina gara zezaten; mozorroak, zapiak, arropak, panpinak… zituzten haurrek jolas sinbolikoan ari zitezen; proiektoreak, musika aparatuak… zituzten haurrei musika jartzeko eta abesteko eta dantzatzeko gaitasunak lantzeko; mahai joko, puzzleak… zituzten pentsamendu matematikoa eta psikomotrizitate fina lortzeko; imaginarium bat ere bazuten haurrak erlaxatzeko eta lasai egoteko; eta azkenik, ipuinentzako espazio bat zuten haurrak hizkuntza idatziarekin lehenengo kontaktua izateko eta hizkuntza gaitasuna garatzeko.
Bestalde, ikastetxe honetan garrantzi handia ematen zitzaion konfiantzazko giro bat sortzeari. Horrela, haurrek beraien gaitasunak garatzeko baldintza aproposak zituzten eta umeek pixkanaka autonomia, autoestimua eta bere buruarekiko konfiantza lortzen joaten ziren. Hau eskola denetan ez dela sustatzen pentsatzen dut eta haurren garapena egokia izan dadin ezinbestekoa dela uste dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario