jueves, 2 de febrero de 2017

PRAKTIKETAKO ESKU-HARTZEAREN ESPERIENTZIA-ARANBIZKARRA HAURRESKOLA

Practicum IIIan honako esku-hartzea planteatu nuen. Asteko egun batean, gure gelara sartzen direnetik aspertzen diren arteko tarte batean (20 minutu inguru), argi-mahaia jartzea gelako komunetan (iluntasuna errazago lortzeko) material desberdinak erabiliz. Materiala honako hau izan da: batetik, elikadura-koloregaia erabiliz, izotz-koskorrak erabiltzea (modu honetan haurrek ikusiko dute nola solido egoeratik, likido egoerara igarotzen diren; hots zer gertatzen den beroa ezartzen denean), bestetik, koloretako plastiko gardenak erabiliz forma ezberdinak prestatu ditut; (oinarrizko koloreak jarriko ditut eta honela, bata bestearen gainean kokatzean, kolore berriak sortuko ditugu) hirugarrenik, koloreetako gelatina, eta azkenik lehortutako fruta zati batzuk, semola eta dilista batzuk ere eskaini dizkiet haurrei. 

Proposamen hau bi asteetan zehar burutu dut, abenduaren 21ean eta urtarrilaren 11n. Izan ere, honela lehenengo kontaktuan ezezaguna zaien zerbaitekiko jarrera behatu dut, eta baita objektu jakin batzuekiko erreakzioa. Eta ondoren, behin ezagututa duten erreakzioa, argi-mahaiarekiko, orduan, beste objektu batzuekiko duten erantzuna aztertu dut. 

Hau guztia jakinda, garrantzitsua da egin ditudan bi esperimentazioak azaltzea. Batetik, abenduaren 21ean egin dudan saioan koloreetako izotz-koskorrak, forma eta kolore desberdinetako plastikoa eta gelatina erabili ditut. Bestetik, urtarrilaren 11n egin dudan saioan, lehortutako fruta zati batzuk, semola eta dilista erabili ditut. 

Behin nire proposamena azalduta, esango nuke garrantzitsua dela argi-mahaiaren inguruko oinarri pedagogikoa ezartzea. Beraz, aipagarria da, baliabide hau Reggio Emilia ikuspegitik datorrela esatea.
Reggio Emilia ikuspegia, hezkuntza proposamen bat da, Loris Magaluzzi kazetari eta hezitzailea, honen ordezkari gorena izanik. Haurra, gaitasun eta potentzialtasun ugariz beteriko gizaki bezala ikusten da, are gehiago, gai da sortzeko/asmatzeko eta bere hezkuntza propioa eraikitzeko. Horretarako, espazio eta ingurune egokia eskaini behar zaio, hots, haurra estimulatu behar da. (Correa; Estrella, 2011)

Ikuspegi hau burutzen duten eskola guztiek honako printzipio hauei jarraitzen diete, beti ere eskola bakoitzaren testuingurua aintzat izanik: (Hoyuelos, 2006 in Correa; Estrella, 2011) 

1-Giza-harremanen garrantzia.
2-“Haurren ehun hizkuntzak” teoria. Nagusiok hizkuntza berbala komunikatzeko bide nagusitzat dugu, baina haurrek ordea, beste modu ugari erabiltzen dituzte komunikatzeko.
3-Eskolan praktika egitearen garrantzia.
4-Aniztasuna eta konplexutasunaren balorazio positiboa.
5-Familien eta gizartearen parte hartzea.
6-Eskola parte hartzailea eta komunitatearekin harremanetan dagoena.
7-Hezitzaileen formakuntzaren garrantzia.
8-Tailerrak edota “atelierista”. Artea oso alderdi garrantzitsua da Reggio Emilia eskoletan, baina ez da soilik hezkuntza artistikoa kontuan hartzen. Horregatik, tailerra deitzen dioten espazioa, artearekin kontaktuan izateko, ikerkuntza bisuala egin ahal izateko eta estetika lantzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak daude eskura. “Atelierista” kontzeptua, Loris Magaluzzik erabiltzen zuen terminoa, XVIII. mendean, XIX. mendean eta XX. mende hasieran erabiltzen zen, tailerrari edota artista baten espazioari izendatzeko.
9-Haurraren garapenaren inguruko dokumentazio egokia burutzea.
10-Sorkuntzaren elkar-aurkitzea egitea. Hots, sorkuntza hezkuntzaren alderdi ahalik eta guztienetan aplikatzen jakitea.
11-Espazio eta ingurunearen kalitatearen garrantzia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario