jueves, 26 de enero de 2017

praktiketako emozioen esku hartzea





Praktiketako eskuhartzea:

       Urretxu-zumarragako ikastolan burututako praktikak, haur hezkuntzako 4 urteko gelan egin ditut. Bertan, metodologia berria martxan jartzen zebiltzan, konfiantzaren pedagogiaren metodologia hain zuzen ere. Pixkanaka obra berri bat eraikitzen dabiltza eta honekin konfiantzaren pedagogiara hurbiltzen ari dira egunez egun. Honegatik adimen anitzen teorian oinarritzen hari da geroz eta gehiago metodologia berritzaile honekin. Teoria honen barnean hainbat adimen mota desberdin barneratzen direlarik:

      Howard Gardnerrek honela definitzen du adimena: kultura baterako edo batzuetarako baliagarri diren ekoizpenak sortzeko edo arazoak konpontzeko ahalmena. Orain gutxira arte adimenak zerbait innatoa eta aldaezina zirudien. Adimentsu jaiotzen zinen ala ez, eta hezkuntzak ezin zuen egoera hau aldatu. Adimena gaitasun bat dela esatean, Gardnerrek garatu daitekeen ezaugarri bihurtzen du.

     Gardnerrek ez du, dena den, alde genetikoa ukatzen. Denok jaio gara genetikak emandako eta baldintzatutako ahalmen batzuekin. Baina ahalmen horiek modu batera edo bestera garatuko dira zenbait aldagairen arabera: ingurua, gure esperientziak, jasotako hezkuntza… konpontzeko arazo mota asko dagoen bezala, adimen mota asko dagoela dio. Honela, orain artean, Gardnerrek eta Harvard unibertsitateko bere taldeak zortzi adimen mota bereizi dituzte:

       Adimen musikala: Musika adierazpenak hautemateko, bereizteko, eraldatzeko eta adierazteko gaitasuna da. Bere ezaugarriak dira erritmorako, tonurako eta tinbrerako sentiberatasuna. Adimen hau duten haurrak naturako soinuek erakartzen dituzte eta baita edozein doinuk ere. Atsegin dute konpasa jarraitzea hankaz edo edozein tresna joz edo astinduz.

     Adimen zinetikoa: Ideiak eta sentimenduak adierazteko gorputz osoa erabiltzeko gaitasuna da. Honez gain, eskuz gauzak eraldatzeko gaitasuna ere bada. Bere ezaugarriak dira koordinazioa, arintasuna, oreka, indarra, abiadura eta baita gorputzaren mugimendu ahalmena eta neurri eta bolumenen pertzepziorako gaitasuna ere. Adimen hau nabarmentzen zaie atletei, dantzariei, kirurgilariei eta artisauei, adibidez.
    Adimen hau duten haurrak kiroletan, dantzan, gorputz adierazpenean, musika tresnak jotzen edota material ezberdinak erabiliz burututako eraikuntza lanetan nabarmentzen dira

   Hizkuntza adimena: Hitzak modu eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna da, bai ahoz eta bai idatziz. Adimen honen jabe direnek trebezia berezia erakusten dute sintaxiaren, fonetikaren, semantikaren edo hizkuntzaren alde pragmatikoen erabileran. Adimen honetan nabarmentzen dira idazleak, poetak, bertsolariak, kazetariak eta hizlariak, besteak beste.

    Agerikoa da adimen hau istorioak idaztea, irakurtzea, errimekin jolastea, aho korapilotan aritzea edo hizkuntzak ikastean erraztasuna erakusten duten haurrengan

      Adimen logiko matematikoa: Zenbakiak modu eraginkorrean erabiltzeko eta egoki arrazoitzeko gaitasuna da. Adimen honen jabeek sentiberatasun berezia erakusten dute eskemetarako eta erlazio logikoetarako, baieztapenetarako eta proposizioetarako eta baita funtzioetarako eta antzeko beste abstrakzio batzuetarako ere.
    Adimen hau garatu duten haurrek erraz aztertzen dituzte ariketak eta gogoz heltzen diete zenbaki kalkuluei, estatistikei eta aurrekontuei.

    Adimen espaziala: Hiru dimentsiotan pentsatzeko gaitasuna da. Adimen honen ezaugarri dira kanpoko eta barneko imajinak hautemateko erraztasuna, hauek irudikatzeko, eraldatzeko, moldatzeko eta, bestetik, espazioa ibiltzeko edo objektuei ibilarazteko ahalmena edo informazio grafikoa ekoizteko edo deskodifikatzeko. Adimen hau nabarmentzen dute pilotuek, marinelek, eskultoreek, margolariek eta arkitektoek.
    Haur hauek hobe ikasten dute grafiko, kuadro eta eskema bidez. Mapa kontzeptualak eta mentalak egite zale dira. Oso ondo ulertzen dituzte planoak eta krokisak.

     Pertsonarteko adimena: Hurkoa ulertzeko eta berarekin elkarrekintzan modu eraginkorrean aritzeko gaitasuna da. Adimen honetan nabarmentzen denak abildade hauek ditu: aurpegi espresioei, ahotsari, keinuei eta moduei sentiberatasun berezia eta baita erantzun egokiak emateko ere. Adimen hau nabarmen dute politikariek, aktoreek, saltzaile onek eta irakasle arrakastatsuek, adibidez

Haur hauek gustuko dute talde lanean aritzea, sinesgarri gertatzen dira adinekoekin edo helduagoekin dituzten negoziaketetan eta ondo ulertzen dituzte kideak.

     Pertsonaren baitako adimena: Norberari buruzko pertzepzio zehatza eraikitzeko gaitasuna da, eta norberaren bizitza antolatzeko eta zuzentzeko… Bere ezaugarriak dira autodiziplina, autoulermena eta autoestima. Oso garatua dute teologoek, filosofoek edo psikologoek, adibidez.

     Haur hauek hausnartze zaleak dira, arrazonamendu egokiak egiten dituzte eta hurkoen aholkulari izaten dira.

     Adimen naturalista: Ingurugiroko elementuak, objektuak, animaliak edo landareak ezagutzeko, sailkatzeko eta erabiltzeko gaitasuna da, edozein inguru dela ere: hirigunea, herri giroa edo nekazal ingurua. Inguratzen gaituena behatzeko, esperimentatzeko, hausnartzeko eta berplanteatzeko abildadeak daude adimen honen baitan. Nekazari eta baserritarrak, botanikoak, ehiztariak, ekologistak eta paisajistak, besteak beste, adimen honen jabe dira.
    Adimen hau nabarmentzen zaien haurrek maite dituzte animaliak eta landareak, eta gustuko dute naturako eta gizakiak sorturiko inguruko ezaugarriak behatzea eta aztertzea.

      Nire ustez, jardundako praktiketan adimen emozionalari behar bezain garrantzi ez zitzaiola ematen iruditu zitzaidan. Hau honela izanik, nire praktiketako esku-hartzea honen inguruan gauzatzea bururatu zitzaidan, emozioei garrantzi handiagoa emanez. Adimen mota hau landuz, beste adimenak lantzeko aukera aproposa ikusi nuelako, adimen artistikoa adibidez.

     Howard Gardner (1993), bere adimen anitzekin, adimentsua izatea ez dela adimen-koziente altua soilik edukitzea pentsatzen hasi zen. Gardenerrek adimena, besteak beste, bitan bereizi zuen: pertsona barnekoa eta pertsona artekoa.

     Peter Salovey eta John Mayer (1990) adituek pertsona arteko eta pertsona barneko adimenari Adimen emozionala izena jarri zieten. Adimen emozionala izatea hiru ezaugarri nagusi biltzea esan nahi zuela proposatu zuten:
Norberaren emozioak eta gainerakoenak hautematea
Hauteman diren emozio horiek ulertzea, bai norbanakoarengan bai gainerakoengan (enpatia)
Aurretik hauteman eta ulertu diren emozio eta afektu horiek erregulatzeko gaitasuna

       Horretarako, haurrek ezagutzen zituzten sentimenduen inguruko ideia zaparrada egitea bururatu zitzaidan, haiek gaiarekin kontaktuan jartzeko eta pixkanaka motibatzen joateko. Hori egin ondoren, koloreetako monstruoaren ipuina irakurtzea bururatu zitzaidan, emozioak lantzeko oso baliabide aproposa delako eta haurrak sentimenduen inguruan gehiago motibatzeko pixkanaka.

     Tristura, poztasuna, beldurra eta haserrea atera ziren ezagutzen zituzten sentimenduen artean gehienbat eta sentimendu bakoitzari bere kolorea eman zioten, tristurari urdina, poztasunari horia, beldurrari beltza eta haserreari gorria. Honekin koloreetako munstroak marraztu genituen eta haurrek momentuan sentitzen zuten sentimenduaren arabera, munstro bat edo beste margotzen jarri ziren, lehendik erabakitako eta liburuan ikusitako monstruoen koloreen arabera.



      Hori egin ondoren, gelan edukitzeko sentimenduen jolasa asmatu nuen, honekin haur bakoitzak sentitzen zuen sentimenduaren kartulinan, aurretik egindako haren izena eta argazkia jartzen zuen pintza zuen. Bere izena esatean, momentuan sentitzen zuen sentimenduan jartzen zuen eta nahi izanez gero, bakoitzak zergatik zuen sentimendu hori adierazten zuen. Honekin bakoitzak sentitzen zuena espresatzeko aukera izaten zuen eta sentimenduak azaleratzen zituzten.



       Oso eskuhartze polita izan zela iruditzen zait, gainera behin baino egun gehiagotan erabili genuen “sentimenduen jolasa”, haurrek oso gustuko izaten zutelako eta oso ondo pasatzen zutelako. Esan beharra dago, esku hartze osoa egun batean baino gehiago egin genuela, denbora oso oso azkar pasatzen delako gelaren barnean zaudenean eta konturatu gabe jarduera bat egiten denbora guztia joaten delako.


Ikus informazio eta irudi gehiago hemen: https://sites.google.com/site/sagarberdeak/praktikumiii

No hay comentarios:

Publicar un comentario